ES - EU
#CICD Startup Competition

DIARIOVASCO.COM

ekimena da

Ekintzailetza digitalari bulkada

Hasi da ostiralean #CICD Startup Competition lehiaketako finalistak aurkezteko atzera-kontua. Hitzaldiek, mahai-inguruek eta networking saioek osatuko dute Interneteko negozioen eta ekintzailetzaren inguruko jardunaldia.

Jardunaldia jende guztiari irekita dago; bete beharreko eskakizun bakarra harreman formularioaren bitartez, erreserba egitea da.

Aurten hirugarren edizioa ospatzen duen #CICD Startup Competition lehiaketaren amaierako ekitaldia datorren ostiralean, ekainak 27, ospatuko da Deustuko Unibertsitatearen Donostiako Loyola Centrum campusean; bertaratzen direnek, lehiaketako bi kategorietako proiektu finalisten aurkezpenez eta defentsez gozatzeaz gain, Interneteko negozioen eta ekintzailetzaren inguruan inspiratzeko, ikasteko eta elkarrekin esperientziak trukatzeko aukera izango dute.

Izpiritu ekintzailea bultzatzeko helburu nagusiarekin, ekainaren 27an III. # CICD Startup Competition lehiaketaren amaierako ekitaldia ospatuko da; Estatu mailako ekimena da, baina arreta berezia eskaintzen die bertako ekintzaileei. EL DIARIO VASCO-k bultzatutako ekimena da eta Donostiako Sustapenaren, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren eta Donostia 2016 ekimenaren babesa dauka; baita Deustuko Unibertsitatearen eta ekintzailetzaren eta inbertsio teknologikoaren esparruetako erreferente nabarmenen kolaborazioa ere. Gure gizartean ekintzailetza eta kultura digitala bultzatzeko zereginean eragilerik konprometituenetakoek bultzatutako elkargunea da, bada.

Hor dugu, esaterako, Donostiako Sustapena, enpresak sortzeko babes ekonomikoko programen, hasten ari diren ekintzaileentzako partekatutako lanerako espazioen edo prestakuntzako eta aholkularitzako programen bitartez, berrikuntzari dagokionez, hiriaren eredu ekonomikoa eraldatuko duten enpresa berrien sorkuntza sustatzeko erronkari erantzuten saiatzen dena.

Halaber, aurtengo berritasun garrantzitsua da, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren partaidetzari esker, #CICD Startup Competition ekimenak atal berezia eskainiko diela Hezkuntza mundura zuzendutako ekintzailetza teknologikoko proiektuei; horrela, HEZKUNTZAKO STARTUP ONENAREN sari berezia sortu da. Hezkuntzaren esparruak teknologia berrien, eduki interaktiboen eta, bereziki, sareko ikaskuntzaren ideiaren eragin izugarria izan du; horregatik, aldaketa horiek integratuz eta horiei etekina ateraz, ikasteko eta irakasteko moduak eraldatzeko ahalmena duten ekintzaileen proiektuak nabarmendu nahi izan dira. Halaber, Hezkuntzak gizarte ekintzailea eraikitzeko zereginean daukan paperari buruz eztabaidatuko da.

 Gaitasuna ebaluatzea

Ostiraleko ekitaldiarekin amaitzen da, martxan dauden negozio-ideia sortu berriei zuzenduta, maiatza hasieran hautagaitzak jasotzeko epea ireki genuenean hasitako prozesua.  Ondoren, startup teknologikoen balorazioan espezializatutako talde batek, jasotako hautagaitza guztien artean, proiektu finalistak aukeratu zituen, beste hainbat aldagairen artean, negozio-ideien egokitasuna edo haien hazkunderako gaitasuna baloratuz. Eta, orain, ekimenaren ekitaldi nagusia iritsi zaigu, prestigiodun ekintzailez eta inbertitzailez osatutako epaimahaiaren aurrean hamahiru proiektu finalistak aurkezteko eta defendatzeko ordua.

Nazio mailako ekintzaile eta inbertitzaile teknologiko ezagunenetakoa den Carlos Blancoren hitzaldiarekin ekingo zaio jardunaldiari; ekitearen argi-ilunak azaleratuko ditu, bere bizitzako esperientzian oinarrituta. Ondoren, kategoria orokorreko hamar proiektu finalisten defentsa hasiko da; hautagaiek, hainbat sari lortzeko aukera izateaz gain, aurkezpena entzuten ari diren inbertitzaile eta erakundeak beraien ideien alde apustu egiteak merezi duela konbentzitzen saiatzeko aukera ere izango dute.

Finalisten aurkezpenen ondoren, epaimahaiak jardunaldiko lehenengo hausnarketa egingo du; bitartean, bertaratutakoek elkar ezagutzeko eta harremanetan jartzeko aukera izango dute, Deustuko campusean, era honetako ekitaldietan ohikoak diren networking espazio tradizionalean, mokadu bat jaten duten bitartean.

Lunch-aren ondoren, jardunaldiko lehenengo mahai-inguruaren txanda izango da, Javier Martin (loogic.com), Carlos Blanco (ITnet taldea) eta Xabier Alvarez (Microwave Ventures) protagonista izango dituena, “Ekiteko aukera-gune berriak” izenburupean; mundu digitalaren azken joerak landuko dituzte eta proiektu bat martxan jartzeko aukerarik onenak non dauden identifikatzen saiatuko dira. Diru digitala, osasun-zerbitzu digitalak edo Interneterako konektatutako arropa bezalako gaiei buruz eztabaidatuko dute.

Mahai-ingurua amaitzen denean, Hezkuntzako Startup Onenaren kategoriako proiektu finalisten defentsaren txanda izango da eta, jardunaldiko edukiekin amaitzeko, defentsa horiek amaitu bezain laster, eguneko azken mahai-ingurua egingo da, “Ekintzaile herrialde bat heztea, utopia edo kimera?” izenburupean; Euken Sesek (Donostiako Sustapeneko kudeatzailea), Iñaki Arrolak (ekintzailea eta Vitamina K inbertsio-funtsaren sortzailea), Ruben Iglesiasek (inbertitzailea eta Conteneoko CEOa) eta Begoña Garamendik (Eusko Jaurlaritzako Berrikuntzako Zuzendaria) parte hartuko dute mahai-inguru horretan. Ekiteko dauden oztopoak eta gizarte ekintzailea eraikitzeko babes-politikek eta hezkuntza sistemak daukaten funtsezko rolak aztertuko dituzte.

Arratsalde amaieran iritsiko da, azkenean, hamahiru proiektu finalisten arduradunek horrenbeste desio duten unea, kategoria orokorreko hiru startup onenen hezkuntzaren kategoriako startup onena jakinaraziko duten unea, alegia. Horixe izango da jardunaldiaren amaieraren atarikoa.

Esperientziadun epaimahaia

Proiektu finalistek, epaimahaiaren azterketari aurre egiteaz gain, auditorioan elkartuko diren balizko inbertitzaile guztien arreta osoa bereganatuko duten arren, nabarmentzekoa da epaimahaikideek esperientzia handia dutela ekintzailetzaren eta teknologia berrien esparruan. Honakoak dira epaimahaikideak: Carlos Blanco (ITnet Taldearen sortzailea eta CEOa, First Tuesday erakundearen sortzaileetako bat eta Seed Rocket-en aholkularia), Iñaki Arrola (arrisku-kapitalaren kudeaketarako Vitamina K sozietatearen sortzailea), Tontxu Campos (Deusto Entrepreneurship Centre-eko Zuzendaria), Igor Marroquin (Donostiako Sustapeneko ekintzailetza alorraren arduraduna) eta Ruben Iglesias (Conteneo-ren sortzailea eta CEOa eta SUA Digital-eko kidea), gaia ondo baino hobeto ezagutzen duten adituak.

 Jardunaldia jende guztiari irekita dago; bete beharreko eskakizun bakarra startup.congresociudadaniadigital.com webgunearen bitartez, erreserba egitea da.

URRE BABESLEA

Donostiako Sustapena - Fomento de San Sebastián

ZILAR BABESLEA

Gobierno Vasco

BRONTZE BABESLEA

DEUSTODonostia-San Sebastián 2016