ES - EU
#CICD Startup Competition

DIARIOVASCO.COM

ekimena da

Label digitaldun txapeldunak

Enpresa teknologikoei zuzendutako lehiaketa honen hirugarren edizioa izpiritu ekintzailea sustatzeko jardunaldiarekin amaitu zen

Eta, azkenean, iritsi zen #CICD Startup Competition lehiaketaren hirugarren edizioko finalistek horrenbeste espero zuten unea. Urduritasuna, tentsioa eta sei epaimahaikideak beraiena proiekturik onena zela konbentzitzeko grinak bete zuen Deustuko unibertsitatearen Donostiako Loyola Centrum kanpusa, startup-en norgehiagoka honen hirugarren edizioaren amaierako ekitaldian. EL DIARIO VASCO-k antolatutako ekimen horrek Donostiako Sustapenaren, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren eta Donostia 2016 egitasmoaren babesa eta Deustuko Unibertsitatearen eta ekintzailetzaren eta inbertsio teknologikoko esparruetako erreferente garrantzitsuen kolaborazioa dauka; ekimenaren helburua izpiritu ekintzailea bultzatzea da.

Bertako ekintzaileei arreta berezia eskaini arren, estatu mailakoa den ekimen honen epaimahaiak ez zuen lan erraza izan edizio honetako irabazleak aukeratzerakoan.
Decoramus Network izan zen kategoria orokorreko irabazlea, dekorazioaren sektorean espezializatutako online komunitatea eta marketplace-a; eta UniversoiDEA proiektuak jaso zuen Hezkuntzako Startup Onenaren saria, gailu anitzeko laino-teknologiadun sistema baten bitartez, motxila digitala ezartzen duen hezkuntzako plataformak. Hezkuntza arloko kategoria hori aurten sortu da, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren partaidetzari esker; #CICD Startup Competition lehiaketaren antolatzaileen helburua da, gertatzen ari diren aldaketak integratuz eta horiei etekina ateraz, ikasteko eta irakasteko daukagun modua eraldatzeko gaitasuna duten ekintzaileen proiektuak nabarmentzea.

Honakoek osatu zuten palmaresa: partikularren artean camper furgonetak, karabanak eta autokarabanak salerosteko Ordiziako Areavan plataformak; eta, edozein ibilgailu lainora konektatzeko produktu eskuragarri eta erabilerrazak diseinatzera, ekoiztera eta merkaturatzera bideratutako WirelessCities Networks donostiarrak.

Epaimahaia Carlos Blancok (ITnet Taldearen sortzailea eta CEOa), Iñaki Arriolak (arrisku-kapitalaren kudeaketarako VitaminaK sozietatearen sortzailea), Tontxu Camposek (Deusto Entrepreneurship Centre-eko zuzendaria), Javier Martinek (loogic.com atariaren arduraduna eta iniciador.com atariaren sortzailea), Igor Marroquinek (Donostiako Sustapeneko ekintzailetza alorraren arduraduna) eta Ruben Iglesiasek (Conteneo-ren sortzailea eta CEOa eta SUA Digital-eko kidea) osatu dute. Izpiritu ekintzailearen sari berezia Entrenarme-ri eman diote, entrenatzaileak bezeroekin harremanetan jartzeko online plataformari.

Ekintzailetzari bulkada
Sari-banaketak amaiera bikaina eman zion izpiritu ekintzailea bultzatzera bideratutako eta Carlos Blancok, bere ekintzaile ibilbideari egindako errepasoarekin, eskaini zuen berbaldiarekin hasitako jardunaldiari.

Arratsaldeko saioan, Hezkuntzako Startup Onenaren kategoriako finalisten proiektuen defentsaz gain, bi mahai-inguru egon ziren. Lehenengoan, “Ekiteko aukera-gune berriak” izenburupean, Carlos Blancok (ITnet Taldearen sortzailea eta CEOa), Iñaki Arriolak (arrisku-kapitalaren kudeaketarako VitaminaK sozietatearen sortzailea) eta Xabier Alvarezek (Microwave Ventures-en sortzailea), txanpon birtualari eta inbertitzeko sektore berriei buruz eztabaidatu zuten eta inbertitzailearen ikuspuntua azaldu zuten.

Etorkizuneko belaunaldiak gogoan, 'Ekintzaile herrialdea heztea, utopia edo kimera?’ mahai-inguruarekin eman zitzaion amaiera jardunaldiari. Eusko Jaurlaritzako Berrikuntzako Zuzendari Begoña Garamendik zera adierazi zuen: “izpiritu ekintzaileak belaunaldien arteko lubakia, desberdintasunak… murrizten lagunduko duen eraldaketa soziala egiteko balio izan behar du”. Berarekin batera, Javier Martinek (Loogic.com atariko editorea), Ruben Iglesiasek (Conteneo-ren sortzailea) eta Donostiako Sustapeneko kudeatzaile Euken Sesek parte hartu zuten; azken horrek "sormena eta ekintzailetza hiriaren estrategiarekin uztartu” beharra nabarmendu zuen.

URRE BABESLEA

Donostiako Sustapena - Fomento de San Sebastián

ZILAR BABESLEA

Gobierno Vasco

BRONTZE BABESLEA

DEUSTODonostia-San Sebastián 2016